Joan eduki nagusira

Ana Quintana Delfrade Filosofia eta Letretan lizentziatuak bere doktoretza-tesia irakurri du Nafarroako Unibertsitate Publikoan: “Génesis, evolución y retos en el proceso de vertebración del Estado en España” (“Espainiako Estatuaren egituratze prozesuaren sorrera, bilakaera eta erronkak”). Bertan, Espainiako Estatuaren eta Nazioaren eraikuntza-prozesu historikoa deskribatzen du, Errekonkista garaiaz geroztik”.

Ikerketaren ondorioen artean, egileak adierazi du “Autonomia-erkidegoen Espainia berregituratu egin beharko litzatekeela bizikidetza-proiektu iradokitzaile eta integratzaile berri bat izan dezan; hori lortzeko, autonomia-erkidegoen arteko elkartasun printzipioa berraktibatu eta erakunde demokratiko eta parlamentarioak indartu beharko lirateke”.

Alejandro Torres Gutiérrez NUPeko Konstituzio Zuzenbideko katedraduna izan du zuzendari doktoretza-tesian, eta bikain “Cum Laude” kalifikazioa eskuratu du.

zoom Ana Quintana NUPeko Arrosadiko campusean.

Ana Quintana NUPeko Arrosadiko campusean.

Ana Quintanak azaldu duenez, “Europako beste estatu batzuen antzeko eraikuntza-prozesu bat izan zen neurri batean, baina Espainiako prozesua berezia da eta merezi du haren partikulartasunak eta ezaugarriak aztertzea, honako hauek direla medio: batetik, administratiboki berezia izatea Errekonkistak eta Amerikako lurraldeen konkistak ekarritako eranste prozesuaren eraginez, eta, bestetik, bertako usadio eta ohitura batzuek iraun izana, Borboien zentralizazio-lana eta liberalismo homogeneizatzailearen hedapena gorabehera”. 

Horri lotuta, XIX. mendean zehar Europan zabaldu zen estatuaren eta nazioaren eredu politiko eta juridikoa ezartzeko Espainian zeuden egiturazko zailtasunak aipatu ditu. “Zailtasun horiek guztiek ulerkera hau orokortzea bultzatu zuten: Espainiaren estatu zentrala ez zela gai nazio bateratu eta homogeneo baten gorputz soziala eraikitzeko, eskubide berdinak eta elkarrekiko solidarioak izango lituzketen herritarrez osatua”. Adierazi duenez, “Gaztelako eta Aragoiko Koroen funtzionamendu politikoki kontrakoek (Espainiako monarkiaren oinarriak) eta Espainiako tronuan ondoren izan ziren dinastiek eta 1873ko eta 1931ko esperientzia errepublikano bakanek tokiko botereen eta foruen dinamizazioa bultzatu zuten, zeinek gero eta garrantzi handiagoa hartu baitzuten, XIX. mendearen amaierako Alemaniako pentsamendu politikoaren eragina zuen nazio-ideologia lortzeraino”. 

1978ko Konstituzioa

Ana Quintanaren iritziz, 1978ko Konstituzioak nazioaren eta estatu hibridoaren eredu bat islatzen du; nazionalizazio artxipelago baten eredutzat har daiteke, non estatuaren oinarri sozialaren batasunaren eraikuntza trabatzen baitu lurralde identitate kolektiboen sustraitzeak. “Hasiera batean, estatu deszentralizatuaren kontzeptu berri baten sorrerak Autonomien Estatuaren hedapen azkarra izan zuen ondorio; ordea, XX. mendearen amaieran, Espainiako lurralde-antolamenduaren eredua nabarmen hurbiltzen zen eredu federalera”, adierazi du.

Testuinguru horretan, esan duenez, “XXI. mendearen hasierako ezaugarri nagusi bat autonomia-erkidego batzuek besteengandik bereizi nahia da –bigarren belaunaldikotzat jotzen diren autonomia-estatutuen bidez adierazi zen hori–; horrek aldaketa sakonak eragin zituen egituran eta interpretazioan, zeinek zuzenean eragiten baitie Espainiako nazioaren ulerkerari eta haren garrantzia ahultzen baitute”. Gauzak horrela, “Espainiak aurre egin behar die arau berri horien xedapenen edukiak eta eragina interpretatzeak dakartzan desafioei. Egileak adierazi du “autonomia-erkidegoen Espainia berregituratu egin beharko litzatekeela bizikidetza-proiektu iradokitzaile eta integratzaile berri bat izan dezan; hori lortzeko, autonomia-erkidegoen arteko elkartasun-printzipioa berraktibatu eta erakunde demokratiko eta parlamentarioak indartu beharko lirateke”.

Curriculum vitae laburra

Ana Quintana Filosofia eta Letretan lizentziatu zen Valladolideko Unibertsitatean (Geografia eta Historia, Amerikako Historiaren saila); Zientzia Politikoetako ikasketak ere egin zituen, Nazioarteko Harremanen espezializazioarekin, Sorbonan (Frantzia); halaber, Frantses Literaturako ikasketak egin zituen Lausanan (Suitza) eta Nazioarteko Gatazken Analisiari buruzko ikasketak Tolosan (Frantzia). Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin du doktoretza-tesia. 1987az geroztik Frantziako Tolosan bizi da, eta irakasle titularra da Frantziako lizeo batean; bertan Geopolitika espezialitateko eskolak ematen ditu. Era beran, ikastaroak ematen ditu zenbait unibertsitatetan, hala nola Institut Catholique de Toulousen (ICT) edo Tolosako Zuzenbide Fakultatean (UT1).

Duela 7 urtetik hona, ICTk eta NUPek Frantziaren eta Espainiaren arteko lankidetza-proiektu bat dute, eta, hari esker, jardunaldiak eta nazioarteko solasaldiak antolatzen dituzte askotariko gaiei buruz, adibidez estatuari edo mugei buruz. Ana Quintanak aktiboki parte hartzen du urteroko topaketa horiek antolatzen, bai eta ekitaldiak antolatzen eta hainbat gairi buruzko txostenak aurkezten ere.